the uski's
The Uski´s taldeak ausardia handiarekin jokatu du bigarren diskoko musika diseinua egitean. Lehen diskoak, oro har, 60ko eta 70eko hamarkadetako rock and roll ukituko eta surf inguruko melodietara bideratua zuen musika norabidea. Baina bonus trackean kantu bat autobertsionatu zuten remix elektronikoa eginez. Estreinako diskoa, Itxosun zarati, oso alaia da.
The Uski´s taldearen bigarren diskoaren izenburua Barikun da eta alaitasunari alaitasuna gehitu nahi diote. Surf ukituko doinuak, hastapeneko rock and rollaren doinu errazak eta itsaskorrak baino ez dira. The Uski´s taldeak 60ko hamarkadako rock and rollaren ezaugarri berberak ditu: zailtasun teknikoak uxatu, emaitza zuzen, garbi, erraz eta txunditzailea gerta dadin jendearentzat. Doinuak hurbildu nahi zaizkio entzuleari, honek kanta ditzan lehenbiziko entzunalditik. The Uski´s taldearen abestiek emaitza hori biziki fite lortzen dute oso zuzenak baitira. The Uski´s taldeak baditu beste hiru osagai interesgarri. Bat: taldean denak dira kantariak eta horrek kantuak askoz gehiago biribiltzera darama. Entzungarriago egiten dira abestiak eta horrek ia derrigortu egiten zaitu abestiak kantatzera. Bi: Elantxobe eta Ibarrangelu ko hizkeran abesten dute, hitzak moztuz sonoritate ederragoa, zuzenagoa lortuz. Hiru: musika-tresnak elkarren artean trukatzen dituzte. Denak dira baxulari edo gitarrajotzaile eta hori kantuetan nabari da, parte hartze zabalago batera daramalako. The Uski´s taldearen rock and rollerako joera areagotu egin da. Gitarrek distortsio puntu handiagoa dute, pittin bat gogorragoak dira, baina beti 60 eta 70eko hamarkadetako Amerikako soinuetan iltzaturik dituzte begiak: rock and rolla, r&b, beltzen ekarpenak, blues ukituak, rockabillya, haize tresnak kanturen batean, soul zertzeladak a capella egindako kantuan… Horren guztiaren emaitza dantzarako, festarako eta alaitasunerako disko bat da.
The Uski´s taldearen bigarren lan luze hau Lamiña estudioan grabatu da 2006ko abenduan eta 2007ko urtarrila eta otsailean. Natxo Liberty grabaketa, nahasketa eta ekoizpenaz arduratu da eta Dave Horrocks ( Kanada) teknikariak masterizazioa egin du. Argi Zameza k “Hamen neu” eta “Denbora aurrera doie” abestietan ahotsa sartu du.
The Uski´s taldea lehengusu eta lagunarteko ekimena da eta familiarteko bazkari-afari osteko jaiak ditu oinarri, non musikak eta abestiek berebiziko garrantzia zuten. The Uski´s taldeak 2003an grabatu zuen lehen bost abestiko maketa.
1.- The Uski´s taldeak surf musika oinarri hartu du baina beste estilo batzuetan murgildu zarete ere: a capela, rockabilly, rock and rolla...
Egia esan, surfaz hitz egiten dugun arren, (itsasoaz surfaz baino gehiago) ez dugu uste gure musika surf musika barnean sartzen denik. Puntaren bat badauka, baina gure ustez, funtsean Rock&Rolla da. Bestalde, ahotsak kontutan harturik, hauekin lortu daitezkeen jokoak oso gustuko ditugu, rock klasikoan eta hegoamerikar rantxeretan (gure etxeetan oso entzunak izan direnak) oso erabiliak izan diren jokoak. Soinu aldetik, ordukorantz hurbildu nahi izan dugu, bateria klasikorantz jo dugu, gitarrak bide erdian utzi dugu, crunch klasiko baina potentzi modernoa aldi berean. Guztia horregaz mix bat egin eta The Uski´s da emaitza.
2.- Testuetan musikan bezala alaitasunari ematen diozue garrantzia.
Hala da, gure musikak jaiari, neskei eta itsasoari buruz hitz egiten du; gai horiekin alaitasuna nagusi izatea normala da. Rock& Rollak gorputza eragiten du, mugiarazten zaitu. Nola mugitu hitzek aurkakoa badiote? Hala ere badago abesti melankolikoagorik: “Denbora aurrera doie” a capela egin dugu,
3.- Bigarren diskoak The Uski´s taldeari musika ate gehiago ireki beharko lizkioke. Lehenengo diskoarekin ezustean harrapatu zenuten jendea.
Egia esan ez dakigu nork kontrolatzen dituen ate horiek, jakitekotan bisitatxoren bat egingo genioke… Nork daki zer gertatuko den. Baliteke jendeak dagoeneko entzunak gaituenez arreta gehiagorekin hartzea bigarren diskoa eta emaitza hobeagoak lortzea, baina aldi berean posible da ere aurkakoa. Gure ustez lan hobea da, bai melodikoki, instrumentalki, zein ahotsekin lorturiko armoniak kontutan hartuz. Orokorrean erritmo aldetik bizkorragoa da. Noski, egon diren eboluzio posibleak jendearengan harrera ezberdinak sortuko ditu, batzuei gehiago gustatuko zaie, besteei gutxiago… ezin dugu jakin, ikusiko da. Baina guzti horren gainetik gu oso pozik gaude bigarren lanarekin.
ritxi aizpuru (2007ko martxoaren 29an)
Iñigo Egiguren : ahotsa
Iñaki Astoreka : bateria
Jon Zameza : gitarra, baxua eta koroak
Oier Laka : gitarra, baxua eta koroak
Anartz Laka : gitarra, baxua eta koroak
www.theuskis.com
|