gari
Irudi batek mila hitz baino gehiago, hala diote. Eta abesti batek mila irudi baino gehiago. Garik musika ona, hitzak eta arte lana elkartzearen aldeko apustua egin du berria duen “Esperantzara kondenatua” lanean, zalantzarik gabe bere diskorik hoberena den hauxe eskaintzeko.
Gari ez da artista otzana izan sekula. Bere musika ez da hutsalkeriatan galtzen, bizi-kezkak agintzen ditu emoziorako, barne-zirrararako. “Esperantzara kondenatua” diskoaren hamaika abestiek koherentziaz eusten diote bide horri: letrak bere bizipenak inspiratuak; ustez ilunak diruditen mezuak, deszifratzen ez oso errazak, baina sakonera zabaltzen direnak, minez, jakin nahiaz, babes gabe, borroka etengabean, hobetze aldera… eta, batez ere, itxaropenez. Ezin esan “Esperantzara kondenatua” disko tristea denik, eta nostalgikoa ere ez. Aitzitik, baikortasun neurritsu moduko bat kutsatzen digu, eta hor aurkitzen du Garik bizitzaren abentura konplexuaz hitz egiteko arrazoia, eta esperantzaz mintzo zaigu, bidean aurrera egiten luze laguntzen gaituen esperantzaz.
Jose Luis Padrón (haren poemetako batek izenburua ematen dio diskoari) eta Jon Benito poetak, Jon Maia bertsolaria eta Roberto Moso kazetaria dira letren egileak, haiek guztiak kantariarekin nahi adina luzatu ziren solasaldietan osatuak, Gariren eta letragile bakoitzaren zeru-infernuak inbokatzeraino, musikaren eta hitzaren arteko sormen lanaren erdiespen zoragarrian.
“Esperantzara kondenatua” aurrekoak baino disko homogenoagoa da, musikaren ikuspuntutik. Rock aratzagoa eta erraietatik sortua datorrena da nagusi, musika ona egiteko gogoz sentimenaren, gorputz eta arima aritzearen eta pasioaren barrentasunetaraino larrutua. Gariren ahotsa gozoagoa ageri zaigu, eta miragarriak dira bere erregistro berriak. Kantak grabazio-estudioan prestatu dira, konplizitate eta inprobisazio handiaz, bildumari freskotasun, indar, ahalmen eta lengoaia zuzenagoa ematen diotenak.
Letrak eta musikak zentzua esplikatzen dute, eta diskoaren azala, atzeko azala eta barrualdea hartzen dituen irudi plastiko indartsuak haren garrantzia areagotzen du. Horretarako, Alberto García-Alix (Espainiako Fotografia Saria, 1999) artistaren lankidetza funtsezkoa izan da, zeinak Gariren gonbidapena, proiektuan parte hartzekoa alegia, pozik onartu zuen hasieratik bertatik.
Madrilgo mugidari buruzko bere erretratuekin ezagutzera eman zenetik, García-Alix bere bizimoduari argazkiak egiteagatik nabarmendu da, konbentzionala den oro baztertuz eraikitako mundua, eta hark bere kameraz duindu egin duena, lazgarria, kaltebera, espontaneoa eta beti zintzoa den begiradaz. “Ni un pelo en la cabeza” da azalean agertzen den irudia. Misteriotsua eta dramatikoa, gerta liteke mingarria, baina, hala ere, argi indartsua eta distiratsua dario irudiari. Diskoaren izenburuarekin erabat lotzen den metafora bisuala. Atzeko azalean eta barrualdean, esan liteke, García-Alixek Gari erretratatu baino gehiago, hura biluztu egin duela, gizakia berez den bezala aurkezteko, eranskinik gabe.
“Esperantzara kondenatua” lan bikainaren itxura hartzen ari da, non Garik xehetasun guztiak ondo zaindu dituen, eta baita ekoizpenean parte hartu ere, hasi eta bukatu arte. Disko erabatekoa eta biribila. Musika, poesia eta arte lanezko engranaje ezin hobea, talde lanean burutua, jende askoren baterako ahaleginaz. Ziurtasun osoz, Gariren bakarkako diskorik bikainena.
|