billy
bragg & the blokes
Billy Bragg Ingalaterrako
kantautore bat da, eta lehen diskoa, Life's A Riot, 1983an
plazaratu zuen. Harrez geroztik, Ingalaterrako musikari
ezagun eta estimatuenetako bat dugu. NMEek adierazi du
Ingalaterrako rock olerkaririk esanguratsuenetakoa dela
Billy; haren abestiek pop estiloari loturiko kanta azalekoei
ihes egiten diete.
Billyk birak egin zituen mundu
osoan 1983 eta 1993 bitartean, gehienetan bakarrik.
Hamar urte horietan, disko batzuk grabatu eta haiek
salmenta-zerrendetako lehen hamar postuetan izan ziren.
The Smiths taldeko Johnny Marr-ekin, 10.000 Maniacs
taldeko Natalie Merchant-ekin, Pete Seeger-ekin eta
REM taldearekin aritu da. Beste musikari batzuek ere
Billy-ren musika-lanak grabatu dituzte, hala nola, Kirsty
McColl (A New England), Paul Young (Man
In The Iron Mask) eta Dubstar (St Swithins
Day).
Musika eta aldarte onaz gain,
politika eta gizartearekiko konpromisoa ere ezagun zaizkio
Billy-ri. Red Wedge musikari-elkartea sortu
zuen. Paul Weller, Junior Giscombe eta Jimmy Sommerville,
besteak beste, izan ziren elkarte horretako partaide,
eta laboristen hautagaiei lagundu zieten 1987ko hauteskundeetan.
Gainera, giza eskubideen defendatzaile sutsua da eta
arrazismoaren aurkari amorratua.
Musika du Billyk bere lanaren
alderdi nagusia; hala ere, astia hartzen du kazetari
eta idazle lanetan aritzeko, gizarte eta politika gaien
inguruan.
1996an, Woody Guthrie-ren alaba
Norak gonbidatu zuen Billy Guthrie agiritegia bisitatzera.
Han, New York-ek aitak konposatu baina sekula grabatu
ez zituen ehunka abesti erakutsi zizkion. Jatorrizko
doinuak Woody hiltzeaz batera galdu ziren, eta Norari
bururatu zitzaion doinu berriak konposatzeko eskaera
onartuko zuela Billyk. 1988an, Guthrie-ren omenezko
kanta-testamentua osatu zuen Bragg-ek, Mermaid Avenue
izenekoa, Wilco country-rock-eko amerikar taldearekin
eta Natalie Merchant abeslariarekin. Disko hori Grammy
sarietarako proposatu zuten, eta 90eko hamarkadako disko
esanguratsuenen zerrendan jaso zuen Rolling Stone aldizkariak.
1999an, Bragg-ek diskoa aurkeztu
zuen nazioarteko bira luze batean, Ingalaterrako The
Blokes taldearekin (3 Mustapha 3, Fairground Attraction
eta The Small Faces taldeetako kide ohiak), Australia,
Ingalaterra, Japonia, Italia, Portugal eta beste hainbat
lekutan. Urte horren amaieran, Reaching to the converted
kaleratu zuen, hots, bere ibileraren erakusgarri diren
bitxikerien bilduma. Halaber, Billyk Mermaid Avenue
lanaren 2. alea argitaratu du, Wilco taldearekin batera,
baita You Can Call Me Cupcake diskoa ere. Azkena Blokes
taldearekin zuzenean grabaturiko diskoa da, eta kontzertuetan
baino ezin da eskuratu.
|