[English] [Español]
amaia zubiria

Amaia Zubiria (Zubieta/Usurbil, 1947), euskal kantagintzako sentikortasunik handieneko ahotsaren jabe da. Magia handiarekin nahasten du kantuaren sentimendua kantatzearen plazerrarekin eta entzuleak, azkenean, ahotsaren lilurak harrapaturik, honen uhainen menpera gelditu baino ezin du egin.

Karrera luze bezain mamitsuan, A. Zubiriarentzat, kantua eta bizitza gauza bera izan dira. Kantuz sortu zen eta kantuz sortarazi ditu hainbat eta hainbat une diztiratsu gure musikaren ibilbidean hala nola gure barruko sentipenetan. Haizea taldea, Pascal Gaigne, Txomin Artola eta gerora bakarka, denetara 12 disko zoragarri, ehundaka emanaldi han-hemenka, betirako diren kantu sendo eta xamurrak barreiatuz eta popularizatuz, publikoari, beti ere, bere arimaren alderik zabal eta emankorrena erakutsi izan diolarik. Amaia Zubiriak kantatzen duenean, pertsonaren gogoan izkutuan bizi diren amodioak, ankerkeriak, memoriak eta bizipenak astintzen ditu, emeki, haizearen larru-azalean zizelatutako bizitzaren arrastoak azaleraziz. Ahots sujerikor bezain ezti eta ahaltsuaz, lehorretako paradisu bustiez eta itsas zabaleko hezearen gordinaz kantatzen digu, maitasun eta maitemin izugarriz, ametsen denborara eramaten gaituen bitartean.

Berriro ere grabaketa estudioan sartu berri da Amaia disko berri eta gustagarri bat grabatzeko non bere zuntzik onena emango duen; bere ahotsa eta kantatzeko duen pasioa. Pascal Gaigne-ren produkzio artistikoaren laguntzaz, kantu tradizionalaren interpretazioan oinarrituriko lan eder, emankor eta eskuzabala kaleratuko dute datorren urtearen hasieran.

Disko berri honek, iturri zaharrari darion ur beti berri eta freskoaren modura, errepertorio klasikoari helduko dio, bereziki Iparraldeko tradizioa ekarriz (MAITIA NUN ZIRA, AMODIOA ZOIN DEN ZOROA, GOIZEAN ARGI HASTEAN, ADIOS IZAR EDERRA, PRIMA EJERRA...), amini bat hegoaldetik (DONOSTIAKO HIRU DAMATXO, AMA EZKONDU,..), hala nola historikoak izan diren bi emakume kantariren kantu zoragarri pare bat ere (Lurdes Iriondo-ren HALA ERE eta Estitxu-ren AGUR MARIA ezagunak).

Pascal Gaigne: gitarrak, sintetizadoreak, moldaketak eta ekoizpena
Aitor Furundarena: akordeoia
Javi Area: perkusioak
Ritxi Salaberria: kontrabaxua

2007ko abenduan Elkar estudioan grabatua, nahastua eta masterizatua
Teknikaria: Cesar Ibarretxe
Argazkiak: Conny Beyreyther
Diseinua: Lorea Uribe Etxebarria

Diskografia:
1977-Haizea:"Haizea"
1979-Haizea:" Hontz gaua"
1985-Amaia Zubiria & Pascal Gaigne: "Egun argi hartan"
1986-Amaia Zubiria & Pascal Gaigne: "Kolorez eta ametsez"
1990-Amaia Zubiria & Pascal Gaigne: "Hamar urte zineman"
1991-Amaia Zubiria & Txomin Artola: "Folk lore sorta I"
1992-Amaia Zubiria & Txomin Artola: "Folk lore sorta II"
1993-Amaia Zubiria & Txomin Artola: "Folk lore sorta III"
1995-Amaia Zubiria: "Amonaren mengantza"
1998-Amaia Zubiria: "Ho pitxu ho"
1998-Amaia Zubiria: "Mami xuri"
2002-Amaia Zubiria: "Haatik"
2008-Amaia Zubiria: "Nabil"